Azaroa 11, 2008 | Egilea: Mikelats Gorroto

 

MiKeLaTs GoRRoTo euskal idazle, musikari eta marrazkilaria da.

B I O G R A F I A

Mikelats Gorroto 1700. urtean jaio zen Anboto mendian. Mari du amandre, Mikelats aita. Gizakiaren buruan jaiotako gaizkia egiteko nahia, asmoa da Mikelats Gorroto. Ez da mundua salbatzera etorri. Gure perbertsio ankerrenak, gure amorru ustelenak eta gure arimaren bazter beltz eta ezkutuenetatik desio geurekoienak irtenaraztera etorria da.

L A N A K

Argitaratutako bere lehen liburuak, Hiria Liburuak argitaletxeren eskutik, “Higuinaren Istorioak” (2001) poema bilduma eta “Love is blue” (2001) narrazio bilduma izan ziren. Azken lanak: “Azalore atomikoa” (Hiria, 2007) eleberria eta “Laukiak, zutabeak, biribilak…” (Hiria, 2007) poema bilduma.

Musika aldean argitaratu gabeko zenbait disko konposatu eta grabatu ditu: Ilunbeko ateak (1997), Oinazea Hitzetan (2000), Ur-b-mein(2000), Hauezdadance (2000), Kramp (2001), Voices Noises / Voices Noiz Ez (2001) eta Asfaltoaren Gaineko Sinfonia (2001). Rock hutsa, musika elektronikoa, musika klasikoa, esperimentazioa eta soinu sintetikoak darabiltza Mikelats Gorrotok musika eta hitz guztiak konposatuak dituen lan horietan. Bideo-poemak (“Azken Orduak”, 2002) eta film laburrak (“3 Gnosienne”, 2005) sortzeaz gain, irudi-liburuak (“Ilundurako Animaliak”, “Bizitzaren eszena hilak”) eta bestelako arte-lanak ere eginak ditu.

Mikelats Gorrotoren liburuetako estiloari dagokionez, zenbait kritikarik errealismo zikina eta antzekoak erabiltzen dituela adierazi arren, bere testuei idazteko modu zehatzik ezin zaiela igarri baiezta genezake. Izan ere, idazkietan nabarmen suertatzen diren ezaugarrietako batzuk, modu zuzeneko idazkera argia izateaz gain, punk ondorengoak zein kaleko errealitateak eragindako adierazpide gordina; zinema, musika eta anarkiaren inguruko jarrera politikoaren eragina; zein gaur egungo euskal idazle gehienek osatutako hedabide-zirkutik ihes egiteko ageriko bere asmoa ere aipa litezke, besteak beste.

Honako hau, kanta batetik sortutako bere poemetarikoa, bere burua aurkezteko moduko testu adierazgarria da.

“Mikelats naiz.
Gaizkia naiz.
Bekaitza eta Gogorkeria naiz.
Sumindura eta Mendekua naiz.
Apokalipsiaren lau zaldunak batera naiz:
Gerra, Gosea, Herio eta Izurritea.
Zuen begi ustelduetako Gorrotoaren lore beltza naiz.
Munduko Iluntasunaren Jaun eta Jabea, Mikelats naiz.”

 


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5